Albistea
Eskola-sustatzaileen figura sendotu da Eguesibarko ikastetxe publikoetan

Udalak bere plantilla organikoan sartu du figura hori, udalerriko ikastetxeetan hainbat urtez lanean aritu ondoren
Eskola-sustatzailearen figura sendotu da Eguesibarren, 2026ko uztailaren 30etik aurrera Udalaren plantilla organikoan sartu baita. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Haurtzaro eta Familia Programaren bidez, bultzatutako baliabide honek hainbat ikasturte daramatza Eguesibarko ikastetxe publikoetan lanean.
Bere helburua haur eta nerabe guztien eta haien familien gizarte- eta hezkuntza-inklusioa sustatzea da, prebentzioan, laguntzan eta hezkuntza-komunitatearen eta udal-baliabideen arteko koordinazioan oinarritutako lanaren bidez.
Urtez urte hazten joan den proiektua
Proiektua 2020-2021 ikasturtean hasi zen Hermanas Uriz Pi HLHIPn, % 50eko lanaldia zuen eskola-sustatzaile batekin, eta, ondoren, Joakin Lizarraga IPra zabaldu zen.
2023-2024 ikasturtean, baliabidea Bigarren Hezkuntzara ere iritsi zen, Sarriguren BHIra zabaldu baitzen. Horri esker, etapa horretan ere jarraipena eman ahal izan zaio laguntza soziohezitzaileari.
Gaur egun, zerbitzuak lanaldi osoko bi sustatzaile eta lanaldi erdiko sustatzaile bat ditu, eta ikastetxe publiko guztiei ematen die estaldura.
Ikasleei eta familiei laguntzea
Ikastetxe bakoitzak erreferentziazko sustatzaile bat du. Gizarte Hezkuntzako prestakuntza duten profesionalak dira, eta aurrez aurre eta modu koordinatuan lan egiten dute ikasleekin, familiekin, hezkuntza-komunitatearekin eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin.
Prebentzioa eta laguntza dira haien lanaren ardatz nagusietako batzuk, eta bizikidetzarekin, berdintasunarekin, aniztasunarekin, parte-hartzearekin eta inklusioarekin lotutako gaiak lantzen dituzte.
Ikastetxeetan egunero egoteak aukera ematen du, halaber, zaurgarritasun-, absentismo- edo jazarpen-egoerak eta gizarte- edo hezkuntza-zailtasunak garaiz hautemateko, eta erantzun koordinatua errazteko.
Ikastetxeen, familien eta Eguesibarko baliabideen arteko zubia
Eskola-sustatzaileek ikastetxeen, familien eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen arteko lotura-lana ere egiten dute, baita Eguesibarko haur eta nerabeen sareko zerbitzuekin ere, besteak beste, Osasun Zentroarekin, Gazteriaren Etxearekin eta FAZarekin.
Sareko lan horrek familiei eskuragarri dauden baliabideetara iristea errazten die, eta egoera bakoitzaren beharretara egokitutako esku-hartze bateratua eta hurbilagoa sustatzen du.
Proiektuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren laguntza eta dirulaguntza ditu.
Figura hori udal-plantillan sartuta, Eguesibarko Udalak egonkortasuna ematen dio baliabideari, eta prebentzioan, parte-hartzean eta sareko lanean oinarritutako haur eta nerabeen aldeko politikekiko konpromisoa indartzen du.

